HARIAK, Bakardadeei egiteko Gipuzkoako estrategia

HARIAK, Bakardadeei egiteko Gipuzkoako estrategia

Hariak izena du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik gidatzen duten estrategia, nahi ez diren bakardadeak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko. Gipuzkoako gizartearen eta erakundeen konpromisoa adierazten du, gure lurraldean pertsonek bizi dituzten edo bizi ditzaketen bakardade egoerei dagokienez.

Estrategia hau Etorkizuna Eraikiz ekimenaren eta Gipuzkoa 2020>2030 Agendaren barruan kokatzen da. Etorkizuneko politika publikoak modu partekatuan eraikitzea eta Gipuzkoa zaintzaren eta politika sozialen abangoardian kokatzea da ekimen hauen helburua.

Hariak ikuspegi etiko, enpatiko eta humanista sortzen du, eta balio, printzipio edo ikuspegi batzuk ere: genero-ikuspegia, belaunaldien arteko elkartasuna, diziplinartekotasuna, intersekzionalitatea, interinstituzionalitatea edo lankidetza publiko-pribatu-komunitario-solidarioa.

Estrategia honen foku nagusia adinekoak eta zahartze-prozesuak dira, baina ez modu esklusiboan, ezta baztertzailean ere. Gipuzkoako gizarte osoari zuzenduta dago, belaunaldien arteko elkartasuna funtsezkoa baita.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Adinberri Fundazioaren eta Gizarte Politiketako Departamentuaren bitartez, Gipuzkoako bakardadeen aurreko estrategia lantzeko edo diseinatzeko prozesua abian jartzea erabakitzen duenean, administrazio publikoetako eta gizarte zibileko eragileen talde-eragile bat osatzen du. Taldeak bakardade-egoerak aztertzen, analizatzen, prebenitzen edo horiei aurre egiteko aldez aurreko ibilbidea eta esperientzia zuen. Talde honek oinarrien dokumentu bat egin zuen, eta, ondoren, gaur egun dugun dokumentua eskura izan arte, eztabaidatzeko eta ekarpenak egiteko prozesu parte-hartzaile baten xede izan zen, bai eta nazioarteko konparaziorako eta berrikuspen bibliografikorako lan sistematiko baten xede ere. Dokumentuak hainbat urtetarako esparru estrategiko egonkorra izan nahi du, eta, hortik aurrera, ondoz ondoko aldi baterako planak egingo dira. Horri esker, aurrera egin ahal izango da prebentzioarekin eta bakardade-egoerei aurre egitearekin zerikusia duenarekin.

2022an, maiatza eta uztaila bitartean, Hariak Estrategiaren azken bertsioa aurkezteko eskualdeko-komunikazio prozesu zabala garatu da. Prozesu hau 2021ean hainbat erakunde eta eragilerekin eskualdez eskualde egindako lanaren itzulketaren ondorio da, eta Hariak herritarren artean zabaltzearen ondorioz ere. Belaunaldien arteko elkarrizketa publiko zabal bati ekin zaio Gipuzkoako 10 eskualdeetan, eta 1549 pertsonak hartu dute parte.

Gaur egun, bakardadeetan interesatuta eta inplikatuta dauden eragileen sare baten enbrioi bat eraiki da. Gipuzkoako Foru Aldundiak dinamizatutako agente-sare bat, Adinberri Fundazioaren bitartez eta bakardade-egoerei buruzko begirada partekatzen duena.